Arabako Errioxan euskararen hazia ereiten aitzindariak izan dira Arabako Errioxako Ikastolak. 45 urte baino gehiago izan dira gure eskualdeari eta eskualdearen inguruan dauden herriei emanak. Ilusio betez gure inguruari hezkuntza proiektu modernoa, aitzindaria eta euskalduna eman nahi izan diogu.
Gurasoek norbere herrian sortutako ekimenak izan dira ikastolak, herritik sortuak eta herrirako pentsatuak. Herri bakoitzean gurasoek izandako ametsak asmo sendo bilakatu zituzten gaur egun ditugun ikastolak sortuz.
Eskualdea puntatik puntara hartuz hiru ikastola ditugu Oionen, Lapuebla de Labarca eta Bastidan eta hiruron artean osatzen dugu Arabako Errioxako Ikastolak Hezkuntza Proiektua. Haurtzaindegitik hasita batxilergora arteko ibilibidea eskaintzen dugu. Kalitate handiko eta berrikuntza pedagogikoz betetako hezkuntza proiektua osatzen dugu hiru ikastolok.
Arabako Errioxako Ikastolok Euskal Herri osoko ikastolekin elkarlanean Ikastolen Elkartea osatzen dugu. Ikastolen Elkartearen bidez etengabeko formakuntza jasotzen dugu zentroetan eta ikastolon material propioa dugu gure ikasleek konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza izan dezaten.